619 746 009 zpelkartea@gmail.com

HISTORIA

Zumaiako Pilota Elkartearen historia pilotarekiko grinarekin eta herriaren konpromisoarekin lotuta dago. Hamarkadetan zehar, belaunaldiz belaunaldi, pilota izan da Zumaiako kirol eta kultura bizitzaren ardatzetako bat, eta elkarteak bide hori sendotzen jakin du.

PILOTAN ZENTRATUTA

Lehen urteetan hainbat jarduera landu ondoren, elkarteak pilotan jarri zuen bere arreta nagusia. 1970eko hamarkadaren hasieran etorri zen jauzi garrantzitsua: 1971n Gipuzkoako Federazioak urteko klub onenaren saria eman zion, larruzko paleta txapelketa bikaina antolatzeagatik. Aitortza hark norabidea argitu zuen: pilotan buru-belarri murgiltzea.

Garai hartan jarri zen martxan pilota eskola ere, Angel Aizpurua Idiakeziren eskutik. Hura izan zen eskolaren arima, eta urte luzez dozenaka haurrei pilota irakatsi zien. Elkartean aho batez aitortzen da Aizpuruak egindako lana funtsezkoa izan zela.

Dinastia Etxabe

1971n sortu zen Dinastia Etxabe txapelketa, eta urte gutxitan Zumaiako uda giroko hitzordu nagusietako bat bihurtu zen. Sanpedroen bueltan hasi eta irailera arte, Odieta pilotalekua lepo betetzen zen, afizionatu mailako pilotari onenekin.

Ikuskizun hutsa izateaz gain, txapelketak pilotazaletasuna bultzatu zuen eta elkartearentzat diru iturri garrantzitsua izaten jarraitzen du gaur arte. 2022. urtean txapelketaren 50. urteurrena jokatu zen.

Pala eta eskuz

Dinastia Etxabe

Esku pilotarekin batera, hasieratik izan zuen klubak jarduera palan, pala motzean eta larruzko paletan. Ignacio Letamendi, Erramun Ostolaza eta Jexux Mari Unanue bezalako palistek elkartearen historia markatu zuten, bai eta kanpotik etorritako pilotari garrantzitsuek ere.

Esku pilotan, Luis Mari Alberdi izan da izenik handiena: Gipuzkoako, Espainiako eta Munduko txapeldun, eta profesional mailan aritutakoa. Gaur egun lehia handiagoa den arren, pilotarekiko zaletasunak bizirik dirau.

Puntaren puntan

Azken hamarkadetan, zesta punta izan da distira handiena eman duen modalitatea. Manuel Mugertzaren itzulerarekin hasi zen Zumaian zesta puntaren aro berria, eta 1988an eskola modu antolatuan martxan jarri zen Odieta pilotalekuan.

Handik irten dira goi mailako puntista ugari: Alberdi, Enbil, Goikoetxea, Lopez… Belaunaldi paregabea, Zumaiako pilotaren historian urrezko letretan idatzia.

1988. urtean sortu zen Zumaiako zesta puntako eskola, herrian modalitate hau sustatu eta pilotari berriak trebatzeko helburuarekin. Harrezkero, belaunaldi askok egin dute bidea bertatik. 2017an, Zumaiako Kirol Elkarteak (ZKE) 50. urteurrena ospatu zuen Aitzuri frontoian, zesta puntak eta euskal pilotak herrian izan duten ibilbidea eta indarra ospatuz.

Odietatik Aitzurira

2007 eta 2016 artean, Odieta eraitsi ondoren, azpiegitura faltak garai zailak ekarri zituen. Garai hartan zesta eskolako presidentea Luis Etxabe zen, eta gurasoen ekarpenaz gain, berak egindako lana ere bereziki aipatu nahi dugu, guztion inplikazioari esker pilota bizirik mantendu baitzen.

2016. urtean Aitzuri pilotaleku berriarekin aro berri bat ireki zen. Gaur egun, 200dik gora haur eta gaztek parte hartzen dute esku pilotan, zesta puntan eta palan. Erronkak badira oraindik, baina helburua argia da: herritarrak pilotalekura erakartzea eta pilota belaunaldi berriei transmititzea.

Aitzindari pala egokituan

Zumaiako Pilota Elkarteak pala egokituko sekzio ofiziala sortu du eta gaur egun Euskadiko Pilota Federazioaren barruan lehiatzen da. Gipuzkoa erreferentea da pilota egokituan, eta Zumaiako taldea inguruko proiektu aurreratuenetakoa bihurtu da.

 

 

Resumen de privacidad

Esta web utiliza cookies para que podamos ofrecerte la mejor experiencia de usuario posible. La información de las cookies se almacena en tu navegador y realiza funciones tales como reconocerte cuando vuelves a nuestra web o ayudar a nuestro equipo a comprender qué secciones de la web encuentras más interesantes y útiles.